Pirinioa Joxeparen zain dago

Joan den larunbatean Herrira mugimuenduak, Joxepa Ernagak 25 urte espetxean bete dituelarik, bere askatasuna aldarrikatzeko ekitaldia burutu zuen Mezkiritzen.

Bertako antolatzaileek eman zioten hasiera eta beraien hitzetan “Gaurkoa ez da omenaldia, hori uzten dugu gure artean izanen denerako”. Eta horretarako paratu zuten presoen hutsunea idurikatzen duen eta Herrira-ren ikur bihurtu den aulkia.

Familiar batzuek parte hartu zuten ere: “libre izan arte, behin eta berriz salatu behar dugu zigorraren ¾ beteta duela, Espainiako legearen arabera jadanik kalean egon behar zela eta bere eskubideak errespetatu egin behar direla”. Honez gain, bertaratukoei oroitarazi zizkieten dispertsioaren muina eta bere ondorio latzak: alimaleko ahalegin ekonomikoa, errepideetan arriskua, …

Ekitaldian, Herrira-ko bozeramailea den Jon Baldaren txanda heldu zen. Baldaren ustez, “Joxepak dispertsio politikaren krudeltasuna errepresentatzen du”. Gartzelaldi erdia isolamendu moduluetan eman duela eta Badajoz, Murtzia, Malaga, Cadiz, Granada eta Jaeneko kartzeletan dispertsatua izan dela ekarri zuen gogora. Gainera, zoriondu nahi izan zien bai Joxepari eta bai bere familikoei, 25 urte hauetan egin beharreko ahaleginarengatik.

Bertzetik, Espainiako Gobernuaren inmobilismoa eta jarrera ardurabea salatu izan zuen, eta gaizki deituriko “Parot doktrina” ilegala eta bidegabea dela, Europako Giza Eskubideen aldeko auzitegiak berretsi duen bezala.

Bukatzeko, iragarri zituen Herrirak antolatutako hurrengo bi mobilizazioak: Azaroaren 10ean Manifestazioa Baionan eta Urtarrilaren 12an Manifestazioa Bilbon.

Bertan ere zonaldeko txalapartari, irrintzilari, eta abeslariek parte hartu zuten.

Bukatu baino lehen, tarte bat izan zen Ines del Rio eta Iñaki Erro Joxeparen bezalako egoeran daudela salatzeko eta Diego Octavio, Miren Oroz eta Andoni Beroiz presoen senitartekoei lore sorta bat emateko ere.

Jardunaldiari amaiera emanez, zonalde osotik etorritako ehun lagun inguruk herri bazkaria egin zuten.

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.