Familia handi baten sugarra
Tortura. Bidasoa. Desagertua. Anaia. Osaba. Adiskidea. Aezkoako eguneko sukaldaria. Suhiltzailea. Egun on irribarretsu batekin agurtzen zuen autobus gidaria. Eraila. Gezurra. Zabalza kasua. Greba. Manifestazioak. Itxialdiak. Amorrua. Esanahi anitz dituzte Mikel Zabalza izen-deiturek. Horiek guziak taula gainera igo zituzten atzo, Garraldan (Nafarroa), jendez mukuru zen kiroldegian. 30 urte dira Zabalza atxilotu eta hil zutela, eta senide eta lagunek omenaldia egin zioten. Oraindik badira Mikel Zabalzak ez dituen hiru esanahi: egia, justizia eta ordaina.
Egia eskatu zuten atzo senideek. Bertsio ofizialak dio Guardia Zibilak atxilotu ondoren Zabalzak eskapu egin zuela, ibaira salto eginez. Egun batzuen buruan, haren gorpua Bidasoan agertu zen. Baina bertsio ofizialak ez du bat egiten herritarrenarekin eta senideenarekin. «Inork ez du ezbaian jartzen gure bertsioa: Mikel Intxaurrondon hil zuten», esan zuen Lohizune Amatriak, irmo. Zabalzaren iloba da.
Justizia eskatu zuten. «Egia azaleratuko duen justizia», Amatriaren hitzetan. Esan zuenez, Espainiako Barne Ministerioak emandako bertsioa gezurra da.
Ordaina ere eskatu zuten, eta, euskal gatazkari loturik, sarri aipatzen den kontakizuna hizpide izan zuten omenaldian. Nere Ubau ekitaldiaren antolatzailearen aburuz, indarkeria mota bakarraren bertsioa baztertu egin behar da. «Kontakizun guziek osatutako memoria zintzoa nahi dugu, hori baita biktima guziek merezi duten erreparazioa».
Horri loturik, aitortza. Nafarroako Gobernuari eskerrak eman zizkien Ubauk, omenaldira joatea aitortzaren bidean urrats sendoa delakoan. Lehenbizikoz izan zen han lehendakaria. Uxue Barkos Ana Ollo bozeramailearekin batera joan zen Garraldara. Omenaldian egoteaz gain, lore eskaintzan ere parte hartu zuten biek, orain arte pentsaezina litzatekeen keinua eginez. Izan ziren EH Bildu, Geroa Bai eta Ahal Dugu alderdietako kideak, baita eragile sozial eta sindikal anitz ere.
Aurrera egiteko, atzera so
Memoria ariketa zabala izan zen atzokoa. Patxi Zabalzak gogoratu zuen hiletatik bueltan traktore ilara bat ikusi zutela. «Motorrak gogoz aditzen ziren, baina, era berean, isiltasun eta errespetu handia zegoen. Gurasoei aurpegia aldatu zitzaien». Zabalza ez da ahaztua izan, eta agerian geratu zen badagoela su hori bizirik mantentzen duen familia handi bat. Familia horren parte da Luis Landa, Zabalza hil baino hamabost egun lehenago harekin oporretan joatekoa zen adiskidea. Esperantza izpi bat badu hilketan parte hartu zutenetako inork inoiz gertatutakoa aitortuko duela.
Beste batzuk ezagunak baizik ez ziren, Nekane Urruzmendi bezala. Zabalza askotan izan zuen autobuseko gidari, eta haren irribarreak eguna alaitzen zion. «Ez genuen hitz asko egin, baina horiek urrea balio zuten». Zabalza ezagutzen ez zutenak ere han bildu ziren. Patri Arburua igantziarra Berako eskolan egin zuten lehenbiziko grebaz mintzatu zen: «Balio izan zuen 13 urteko gaztetxo batzuk Euskal Herriko gatazkaz kontzientziatzeko».
Hain zuzen ere, Zabalza ezagutzen ez zuen baten hitzek ziztatu zituzten askoren barrenak. Ion Arretxe 1965eko urriaren 26 hartan atxilotu eta torturatu zuten guardia zibilek. Atzo, Garraldan izan zen. «Nik ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina Mikel Zabalza ezagutzen dut. Badakit bizitzea maite zuela», esan zuen. «Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut».
Dantza, irrintzia eta musika tartekatu ziren ekitaldian, eta Txema Estebanek tortura irudikatu zuen txalapartaren doinuari jarraiki margoak dantzan jarrita. Lore eskaintzak jarri zion txapela omenaldiari. Senideak izan ziren azkenak, txalo zaparrada lagun. Malkoak begietan, baina berriz ere pizturik mantendu dute sua.
Komunikabidea: Berria