Sotana ez da beti beltza

Benetan handia denak, gutxitan eman ohi du bere handitasunaren berri. Asko esaten duenak, zer esan gutxi izaten du. Baino zer konta duenak, nahiago izaten du besteek deskubritu dezatela, norberak aitortu beharrean. Eta horrelakoxea zen bera. Historia luzea zuen atzean. Luzea eta interesgarria. Eta historikoa. Norberarena izateari utzi, eta guztiona bihurtzen den historia. Gerora liburuetan topatuko nuen ho­rren protagonistetako bat izan genuen etxean. Eta hori, luxu bat da. Baino ez aberatsen luxua, aberatsak bagina, akaso ez genukeeiako halako zorterik izango. Bazekielako berak zeinen ondoan behar zuen egon. Behartsuenen alboan, herriaren pare. Parez pare. Behar gehiena duenaren alde borrokatzeko prest. Lekuko hutsa izateak ez zuelako ba­lio. Ez zen hori berak ikasi zuena. Eta ez zen hori berak erakutsi ziguna. Histori horretan, batzuetan lekuko izatetik protagonista izateko aukera ematen dizun historia horretan, begirale soila izatea interesgarri izan daiteke. Baino ez zilegi. Ez behintzat ezer egiteko aukerarik baldin baduzu. Eta horixe bai erakutsizigula: Zer edo zer egin dezakezu? Ba egin! Gero penatan geratzeak ez du merezi, baino batez ere, ez du balio.

Eskolatik etorri, arazoren bat kontatu, eta horixe bera ahoikua: Ea, gogoeta egin, ongi aztertu, eta konponbideak jarri bat bestearen alboan. Zein da zentzuzkoena? Eta juxtuena? Ba horrekin aurrera! Berdin arazoaren neurria, jarrera, beti berbera. Denborarekin gero eta isto­rio gehiago genekizkien. Historia bandi horren piezak. Historia, liburuetako historia osatzen duten istorio txikiak. Eta horietan, izenak eta tokiak pilatzen basten dira. Salvadorreko bazterrak. Oihan bat eta bestearen izena. Gerrilariak. Herritarrak. Romero delako bat. Monseñor. Monseñor Romero. Liburuetan ikasten dituzunak. Askatasunaren teologia. Orduan jabetzen zara, izena eta izanaz. Izena ez zenekiela, baino izana bai. Etxean entzundako istorio guztiek osatzen zutela historia liburuetako irakasgaia. Horixe zela “askatasuna­ren teología”. Han eta hemen. Urrun edo gertu, izen bat edo beste. Baino izana, berdina. Orduan jabetzen zara bidal guztiak ez direla hautuzkoak izaten. Eta akaso, bera ez zela Araitzera etorri. Akaso, ekarri egin zutela. Bidali egin zutela. Bota egin zutela.

Hemen ez zegoen FMLNrik. Ez zegoen gerrilarik. Baino berehala topatu zituen beste hamaika borroka. Euskararena, aspaldian hasi bai, baino bukatu gabe utzia zuena. Euskaldunberri bat etorri behar euskaldunzaharrak dantzan jartzera! Gaueskola bai, baino beste zerbait behar zela ere bai. Eta horregatik, bere ikaskideekin botera sortu zuen oraintxe esku artean duzun aldizkari hau. Pilotazale porrokatua izanik, bazekien sakean pilota nora bota, kontrasakea egon zedin. Eta lortu zuen. Mailoperen ateak zabaldu zizkidan niri. Beste hainbeste zabalduko zizkion bakoitzari. Elizaren beraren ateak zabaldu zizkion, ohitura eta zaletasun handirik ez zuenari. Elizak, bere ustez, halakoa behar zuelako. Zabala. Irekia. Aitortza, kolektiboa izan zitekeela erakutsi zigun. Horregatik, gerora adinez gazteago baino pentsaeraz zaharrago zirenak etorritakoan, herriko amonek, euren iraultza txikia egin zuten. Ez zutela aitorlekura itzuli nahi. Horra beste garaipen bat. Txikia edo handia izan, iraultza beti delako iraultza. Kolore bateko edo besteko, borroka, beti izango delako borroka. Eta berak argi utzi zigun, sotana beti ez dela beltza, beti ez dela iluna. Sotana hamaika koloretakoa izan daitekeela. Borroka bezainbeste kolore dagoela. Sotana gorria. Edo berdea. Edo larroxa. Eta beltza baino, justiziaren sotana zen berea. Amerikan zein Euskal Herrian. Salbadorren hala, Araitzen. Horregatik, guretik joan den honetan, goian baino, gure borroketan bego. Egun haundira arte, edo garaipenera arte, Plazido!

Testua: Urko Aristi.
Komunikabidea:
https://issuu.com/mailopealdizkaria/docs/mailope248

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.