Egun hauetan, Emakumeak: sormen-gai, sormen-iturri erakusketa ikusteko aukera daukagu gure herrian. Parte hartzen dutenen artean dago Idoia Zabaltza, eta idatzi dituen istorioak gurekin partekatu nahi ditu. Hona hemen idatzi dituen testuak. Oso lan ederra (Kontakizuna haren ahotik entzuteko aukera ere baduzu).

Zorion puskak

Irati lanetik atera da. Eskua poltsan sartu eta mugikorra atera du. Ez du dei galdurik, ez mezurik ezta watxapik ere. Etxera doa, korrika. Han bazkalduko du, bakarrik. Hantxe egingo du lo, bakarrik. Atea irekitzen ari dela, telefonoak jo du.  Begiratu eta… Mikel da. Utzi du telefonoa jotzen. Ez dio erantzungo gaur. Akaso, bihar. Gaur bakarrik egongo da, baina telefonoak jo du.

Carmen esnatu berria da. Gela ilunean dauka. Ordua ikusi nahi du, baina ia ezin da mugitu. Atzo eman zioten kimio azken saioa, eta gorputz osoa minbera dauka. Leihoa irekiko luke, baina ez du altxatzeko indarrik. Ezinean, bakarrik sentitu da, eta negar besterik ez du egin nahi. Pili agertu da. Musu bat eman eta leihoa ireki dio. Eguzkia sartu da oheraino. Carmenek haren berotasuna nabaritu du gorputz osoan, eta aurpegia argitu zaio. Bizirik sentitu da berriro. Eskerrak eguzkia dagoen!

Yeazinek Senegalen utzi zituen, duela bost urte, lau alaba eta senarra. Zapiak eta bitxikeriak saltzen ditu Iruñeko Alde Zaharrean. Emakume bat ikusi du, terraza batean eserita. Hari salduko dio. Yeazinek zapi bat eskaini dio andreari, baina horrek ez du erosi nahi. Yeazinek irribarretsu esan dio: “Erosiko didazu, ama naiz…”. Eta andreak zapia erosi dio. Besarkatu dira, gogotsu, eta lagun sentitu dira.

Garazik bi hilabete ditu. Seaskan dago, ahoz gora. Ama hurbildu zaio, eta hura ikustean oinak eta eskuak astindu ditu. Ama urrundu  eta haurra lasai gelditu da. Eskuak mugitzen hasi da berriro, eta, aldiro, begi-bistatik pasa ditu, bereak direla ohartu gabe. Halakoan, begiak ernatu ditu, ñir-ñir, eskuei so. Berak eragiten ditu! Eskutxoekin jolasten hasi da, eta irriño bat egin du. Amaren bihotzak ere irri egin du.

Begotxuren anaia aspaldi hil zuten. Begok badaki zeinek hil zuen, badaki nola hil zuten. Berak badaki, eta mundu guztiak daki. Baina hiltzaileak ez du inoiz aitortuko. Gezurra esango du beti. Hiltzailea boterea da, eta Begotxutarrak gorroto ditu. Begori galdetu diote: “Eta zer da zoriona?” Eta horrek erantzun du: “Egia da, zorion puska”.

noname

Comments

No comments yet. Why don’t you start the discussion?

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.