Dantzari Txiki Egunak jai giroa ekarri zuen atzo Sakanara. Nafarroa osoko 21 taldek erantzun zioten Irurtzungo Orritz dantza taldeak eta Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak egindako deiari. Denera, ia 1000 dantzarik bat egin zuen festa alaian.

Sakanako 10 herritan dantzaldiak eskaini eta gero, Irurtzunen bildu ziren guztiak eta kalejira erraldoia egin zuten herrian barna. Zerua gero ilunago bazegoen ere, kalea girotzen jarraitu nahi izan zuten antolatzaileek eta herriko plazan egin zuten ekitaldi nagusia. Plaza leporaino betetzen zuten ikusleen aurrean, elkarrekin dantzatu zuten dantzari txikiek. Eguraldiak, ordea, ez zuen barkatu eta Orritzeko dantzari txikiak dantzan ari zirela, euriari eman zion bizi. Horrela amaitu zen goizeko ekitaldia. Aurretik omenaldiak egiteko tartea hartu zuen Orritz dantza taldeak. Josu Alegre, Patxi Alegre eta Manolo Moreno gaiteroak omendu zituen “haien beharra izan duten denetan laguntzeko prest egon direlako”.

Bazkaldu ondoan, behin atertuta, plazara itzuli zen festa. Oskorri taldearen doinu alaiekin, dantzan agurtu zuten ospakizuna.

Testua: Guaixe
Argazkiak: Kmk
Argazki gehiago: Dantzari Txiki Eguna 2009 Irurtzun 1
Argazki gehiago: Dantzari Txiki Eguna 2009 Irurtzun 2

Comments

No comments yet. Why don’t you start the discussion?

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.