Plazido Erdozain. In memoriam

Plazidori bere aitak jakinarazi zion agoizkoak ez zirela espainiarrak. Orreagan erran zion, han 778an gertatu zena azaldu ondoren. Eta bere aitaren bila joan ziren 1936an, etxera. Gerora Falangen izena eman behar izan zuen eta frontera joan, afusila ez zezaten. Bi une horiek bereziki iltzatuta zituen memorian Plazidok. Gaztetan nahiago zuen pilotan aritzea errosariora joatea baino; batzuetan Pascualarekin batera (orduko Agoizko neska pilotaria). Gero Patxi anaiak lagundu behar izaten zion ihesalditxo kirolzalea ezkutatzen.

Artiedara joan zen ikastera eta han ikasi zituen bertze kirol batzuk: saskibaloia, eskubaloia… Eta han ikasi zuen trasmalloa erabiltzen ibaian.

Amak ez zuen nahi Plazido fraide edo apaiz joatea. «Utz ezazu mutila bakean» erraten omen zion etxera argudioak ematera zetorren apaizari. Baina Plazido apaiz egin zen. Eta kristautasunaren ezkerreko bidetik (harendako kristautasunaren eskuin bidea ez zen kristaua), mundu mailako ekarpen handi batean hartu zuen parte: Askatasunaren Teologian. Eta ez edonola.

El Salvadorrera joan zen eta han behartsuen aldeko lanari ekin zion. Pobreziaren aurka borrokatzeari. Eta gauza biak egin zituen. Iraultzailea zen. Gerrillako zuzendaritzako kideen artean pertsona errespetatua izan zen. Arnulfo Romero apezpikuari buruz idatzi zuen liburua El Salvadorren eman zuen denboraren lekukoetako bat da. «Monseñor Romero: mártir de la Iglesia popular» (1980).

Plazido biziki engaiatu zen El Salvadorreko gerrillarien borrokarekin. Euskal internazionalismoaren ikurra den Pakito Arriaranek, ahalko balu, kontatuko zituen Plazidoren istorio batzuk… Bai, azkenean, El Salvadorretik bota egin zuten. Euskal Herrira itzuli eta Araitz aldeko parrokia eman zion elizak. Han argi ikusi zuen: euskaldundu behar zuen bere burua. Eta halaxe egin zuen. Eta orduantxe sustatu zuen Mailope aldizkariaren sorrera eta euskararen aldeko mugimendua eskualdean. Handik Garraldara bidali zuten. Aezkoa aldean ere nekez ahantziko dute. Etxetik gero eta gertuago egonik, Agoitzera itzuli zen bere azken urteetan, senideen artera, Erdozain-Beroiz sendi kohesionatuaren magalera.

Behartsuen alde. Esplotazioaren aurka. El Salvadorreko herriaren askatasun eta justizia egarriaren aldeko borrokan eta Euskal Herriaren askatasuna beti amets. Horiek izan ziren Plazido Erdozainen bizitzaren ardatz nagusiak. Ezkerreko euskal abertzale baten biografia da berea.

Gaizka Aranguren
Komunikabidea: Berria

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.