Sanmigeletan, kultur taldeei aitortza

Dantzariak, plazan, Agoizko sanmigeletan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Dantzariak, plazan, Agoizko sanmigeletan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Gaur hasiko dira Agoizko (Nafarroa) sanmigelak, eta abuztuaren 17ra bitartean iraungo dute. Festei hasiera emateko, Agoizko gizarte eragile, kultur elkarte eta kolektiboak udaletxean bilduko dira, 11:30ean, eta festetako kartelen sari banaketari helduko diote, ezeri ekin aurretik.

Aurten, Angiluerreka elkarteak jaurtiko du festen hasiera iragarriko duen suziria, 30 urte bete baititu. Ez dira, baina, omendu bakarrak izango, Bilaketa elkarteari eta Beti Jai jatetxeari omenaldia egingo baitiete; aurten, izan ere, Bilaketak 40. urteurrena du, eta Beti Jaik, 75.a.

1986ko irailaren 27an zabaldu zuen Angiluerreka elkarteak Merkatuko plazan duen egoitza, herriko hainbat gazte 1983tik kultura ekitaldiak antolatzen ibili ondoren. Geroztik, herriko jendearen topaleku bihurtu da. Orotara, herriko bederatzi kultura taldek osatzen dute Angiluerreka elkartea: txistu taldeak, mendi taldeak, antzerki taldeak, gaita taldeak, fanfarreak, El Tuto aldizkariak, herri kirolen taldeak, burrunba taldeak eta dantza taldeak.

Herria suspertu du elkarteak, eta kultur eskaintza zabala dute herrian, hari esker. Herrian egindako lanaren ordainetan, haiena izango da festei hasiera emateko ohorea.

Herritarrak suziria noiz jaurtiko zain egongo dira, irrikaz. «Txupinazo eguna oso hunkigarria da; herritarrek harrera bero-beroa egiten diete festei», adierazi du kultur koordinatzaile Marisol Martinez Caspek. «Festak iragartzen dituen kartelaren antzera nahi ditugu: koloretsuak, alaiak, parte hartzaileak, eta elkarkidetza eta errespetu girokoak», argi utzi du Agoizko alkate Unai Lakok, alkatearen agurrean.

«Nabarmentzekoa da oso festa parte hartzaileak direla», argitu du Martinez Caspek. «Lehiaketa ugari egiten dira. Hartara, Agoizko kolektiboek eta herritarrek festen parte direla senti dezakete», gehitu du kultur koordinatzaileak.

Halaber, Kulturgunea izeneko eztabaida gunea sortu dute jaien aurretik, udalak eta herriko elkarte, kolektibo eta biztanleek festen egitarau eta antolakuntzari buruz jarduteko: «Egitaraua denon artean adosten dugula esan beharra dut; denentzako jaiak eta kalean ospa daitezkeen festak nahi ditugu», aitortu du Martinez Caspek.

Komunikabidea: Berria

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.