AEKren familia barnetegi batean

  • Adunako lehen egunak

20160705_185652Uztailaren 4an iritsi ginen Adunara eta atsedenik gabe aritu gara eskoletan, jolasetan, kontu-kontari eta elkar ezagutzen haur eta heldu.

Xabik jolasean ez gaituenean jartzen, Evak, iazko familia barnetegiko bizipenak edo txisteak kontatzen dizkigu eta Eva ez denean, Ibonek edo Iñakik irribarrea marrazten digute.

Gaurko tailerrean, lasaitasunez eseri eta eskulanak egin ditugu. Eskertzekoa izan da denok eserita arratsaldeko azken orduak horrela pasatzea.

Bildu garen artista koadrila honetan irriak eta barreak lagun!

  • Adunan zehar, bizi-bizi!

IMG-20160707-WA0008Tolosaldeko euskara, baldintza hipotetikoa, entzumen ariketak, idazlanak, probak eta bestelakoak eginda eta karramarroarenean, makil-intsektuaren jolasean, filma ikusten, eskulanak egiten eta “twister” jolasean aritu ondoren, ezinbesteko Ginkana jolasa egin dugu.

  • Entzierroa eguna hasteko

IMG-20160709-WA0040Barnetegikoon talde argazkia egiteko egun ezinhobea aukeratu dugu, uztailaren 7a.

Goizeko 9etan, Adunak Iruñea zirudien. Denok ginen prest entzierroa egiteko, eta bat-batean… Herriko plazan agertu da zezena!! Berak gidatu ditu gure oinak eguneroko eskoletara.

Orduek aurrera egin ahala, beroa gero eta handiagoa izan da eta egunari bukaera emateko, ur-puxiken hil ala biziko gerra izan da jolastokian! Terapia ederra izan da eta gaur gozo-gozo egingo dugu lo.

Gora Adunako familia barnetegia!

  • “Abarkak bete gari, gure herriaren mirari”

IMG-20160714-WA0007Martin Txikik egin bezala, oinetako bete gari itzuli ginen atzoko irteeratik.

Goizean, Ataunera abiatu ginen eta San Martin auzotik San Gregorio auzora doan ibilbidea egin genuen, Sara izeneko ibilbidea.

Bertako txoko eta bazter politetatik paseoan eta Joxe Migel Barandiaranen bizitzako hainbat pasarte ezagutuz, berak jasotako ipuinak entzun genituen. Eta ongi entzun ere! Izan ere, gure gidaria izan zen Amaia kontalari bikaina da eta adi-adi entzun behar genituen kontatutako guztiak. Bukaeran, Barandiaran museoan, bidean zehar batutako pistekin jolasa osatu behar izan baikenuen.

Errota zaharra ere martxan jarri zuen Amaiak egurrekin egiten zituzten lanak eta irina nola ehotzen zen ikusteko.

Baina ez genekien handik hain baliotsuak diren “gari hazi” edo ikasitakoak baino gehiago ekarri genituenik… Dirudienez, txirristi-mirristi… Akerbeltz eta Galtzagorriak ere gurekin etorri ziren aterpetxeraino eta ume guztiak aztoratzeaz gain, hauek utzitako galleta guztiak jan zituzten.

Gaurko eguna narrazio eta ipuinen lanketan eman dugunez, arratsalderako, gurasoek prestatutako ipuinen kontaketak entzungo ditugu.

Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Adunako plazan!

  • Adunako barnetegiko familiak hedabideekin hizketan

IMG-20160711-WA0018Pasa den ostegunean, hilak 7, ez zen edozein egun izan. Kafe orduan tabernara abiatu eta bertan genituen kazetariak gure zain. Argazki kamera, libreta eta bolaluma eskuan zituztela ikusirik familiak urduritu egin ziren. Hala ere, urduritasuna gainditu eta hasieran lotsati aritu arren, azkenean hainbat guraso eta ume ausartu ziren hitz egitera.

Hantxe ibili ziren kontu kontari haien esperientziaren berri ematen eta nola ez, gure Joan txiste kontalari.

Hauek dituzue argitaratutako artikulu batzuk: Diario Vasco, Gara, Noticias de Gipuzkoa.

  • Antzezlanak, ipuinak, aldizkaria eta irteerak, besteak beste

IMG-20160712-WA0040Joan den ostiralean, Ataungo irteeran eta eskoletan landu genituenekin antzezlana sortu behar izan zuten barnetegiko gurasoek eta elizako aterpea antzoki bihurtuta, hiru antzezlan ikusi genituen. Lehenengo biak, aita-amek prestatutakoak izan ziren eta umeena azkena. Beste batean ere esan genizuen koadrila paregabea dela gurea, bada, Sorgina Atseginaren ezusteko agerraldia izan genuen amaitzeko eta bere balde magikotik gozokiak atera zituen plazako ume guztientzat hitz magikoak esanez.

Baga, biga, higa… a zelako koadrila!

Igande arratsaldeko atsedenaldiaren ostean, serio-demonio heldu genion lanari eta gure “Barnetegikaria” osatzeko lanei heldu genien. Berriak, iritziak, esanak, jolasak, denbora-pasak, elkarrizketa, iritzi artikulua, ibilaldiak eta komikia landu eta sortu zituzten ikasleek.

Eskolak bukatuta, Iñaki Gorostidi harri-jasotzaile, boxeolari eta artisauaren etxean izan ginen. Batez ere, harri- jasotzea zer den ulertzeko azalpenak, kirol honen historia eta gaur egun bizi duen egoera azaldu zizkigun bere tailerrean.

Atzo, berriz, “Master Chef” arratsaldea izan genuen. Herriko plaza hartu eta osagai jakin batzuekin pintxoak prestatu behar izan zituzten 4 koadrila “gourmetizatuek”. Denak gozo-gozoak baina tamalez, irabazle bakarra…

Komunikabidea: http://www.aek.eus/barnetegiak/familia/

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.