Unai Lako: «Mikel Zabalza biktima bat da, eta borrero gisa tratatu dute»

Apirilaren 28an jaso zuten Espainiako Gobernu ordezkaritzaren jakinarazpena, hilabete baten buruan torturaren aurkako murala kentzeko. «Iraingarria» dela deritzo Agoizko alkateak.

Zer iritzi du udalak?

Lehendabizi, sorpresaz hartu genuen. Pentsatu genuen tortura salatzen zuten mural guztiekin gauza bera egin zutela. Gure ezustea izan zen ikustea artean ez zela besterik heldu. Are gehiago harritu gara argudioak irakurtzean. Torturaren aurkako mural batean, Mikel Zabalzaren irudia agertzen den batean gainera, terrorismoa goratzen dela esatea iraingarria iruditzen zaigu, batez ere familiarentzat. Zabalza biktima bat izan zen; ez zen ETAko kidea. Atxilotu eta torturatu egin zuten, hil arte.

Are iraingarriagoa da Mikel Zabalzaren kasua terrorismoarekin lotu dutelako?

«Tortura» bakarrik dioen mural bategatik halako eskaera jasotzeak sumina eragiten du, ez baita inor seinalatzen, ezta iraintzen ere. Ez dut deliturik ikusten. Baina bigarrenik, Mikel Zabalzaren aurpegia dago. Biktima bat da, eta borrero gisa tratatu dute.

Ezjakintasunez jokatu dute horrela, ala fede txarrez?

Nire ustez, bietatik du. Agian, ez dute ezagutzen kasua eta ikusi dute aurpegi bat, eta pentsatu gabe aurrera jo dute, baina, era berean, ez dira inozoak. Fede txarra dagoela ere sumatzen da, Burlatan gertatutakoa ikusita; horrelako muralak kentzeko gogo dute. Bietatik zerbait du.

Zer egiteko asmoa duzue?

Alegazioak aurkeztuko ditugu. Argi utzi nahi dut benetan pintada iraingarriak agertu direnean, etikoki baimendu ezin diren horietarikoak, automatikoki ezabatu ditugula, arazorik gabe. Ez dugu behar inork paperik bidaltzea esateko ezabatu behar dugula. Kasu honetan, eskaera bera da irain bat. Argudio horrekin ez dugu kenduko, ez baita egia terrorismoa goratzen dela. Alegazioak aurkeztuko ditugu, eta hurrengo astean ezohiko osoko bilkura bat egingo dugu: onartuko dugu testutxo bat, eta egingo dugu elkarretaratze bat muralaren tokian…

Gehiago egiteko asmorik duzue?

Bai. Guk hilabeteko epea dugu kentzeko, eta, ez bada ezabatzen, Espainiako Gobernu ordezkaritzak protokolo bat sinatu zuen aurreko Nafarroako Gobernuarekin. Protokolo horren arabera, udalak ezabatzen ez badu, gobernua arduratzen da, eta gero kostua udalari pasatzen dio. Gobernuari eskatzen diogu ez dezala ezabatu, ordezkaritzaren argudioak babestuko bailituzke. Ez dakit gehiago eskatzeko gai garen, baina, protokoloa berritzen bada, hobe. Aukera ona da ordezkaritzari esateko ezin dela edozein gauza esan eta doan atera.

Komunikabidea: Berria

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.