Itoitz, 20 urteren ondoren

maniitoiz1996ko apirilaren 6an Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kidek urtegiko obren kableak moztu eta presaren eraikuntza hainbat hilabetez gerarazi zuten. 20 urteren ondoren zero gunera itzuli gara.

Ez zen lehen aldia sabotaje baketsu bidez epaitegiak ilegal deklaraturiko urtegiaren obrak eteten zituztela, ezta azkena izango ere –bi urte geroago 54 makina izorratu zituzten bi emakume ekintzailek–; baina seguruenik presako hormigoia garraiatzeko kable handi horiek moztea izan zen ekintza garrantzitsu eta mediatikoena. Zortzi lagun kondenatu zituzten 4 urte eta hamar hilabeteko kartzelara eta horietako hiruk espetxean amaitu zuten.

Itoizko urtegiaren kontrako borroka askoz lehenago hasi zen. 1985ean proiektua jakinarazi zutenetik Agoitz eta inguruko herrietan mobilizazioak eta oposizio jardunaldiak antolatu zituzten, Agoizko etxe batean aurkitu dugun eskuineko argazki historikoan ikus daitekeen bezalakoak.

Pixkanaka, Pirinioetako bazter horretako herritarren aldarria Euskal Herriko eta haragoko kontzientzia ekologistaren akuilu bilakatu zen, diruzalekeriaren eta zentzugabekeriaren kontrako sinbolo.

Hamarkadotako ibilbideak utzitako zauriak ugariak dira. Agoitzen, urtegiaren aldeko –izan bai baitzeuden– eta aurkakoen arteko harremanak apurtuta, natur ondarea eta hainbaten bizitokia galdurik, herri bat zorrek eta krisiak itota, hondamendia izateko eguneroko beldurra…

Artze bailarara dihoan kamino zaharra moztuta dago Agoitz herria utzi eta kilometro gutxira. Gerra egoeran dagoen eremua dirudi: arriskuaz ohartarazten duten kartelak eta hesiak nonahi ageri dira. Urtegia betetzeko lehenengo probak 2004an hasi ziren eta geroztik zientoka lurrikara izan dira inguruan, batzuk ia 5 gradukoak Richter eskalan.

Badira hiru urte baino gehiago Ebroko Konfederazio Hidrografikoak presaraino iristen den errepidea itxi zuela, ondoko mendi mazelan 4.000 metro kuboko luizia izan ondoren. Asfaltoa pinudietako beldar ilarentzako igaroleku baino ez da orain, administrazioak berriz zabaltzeko asmoa azaldu duen arren, “turismoarentzako” interesa duelakoan.

Presa nagusia Irati ibaiaren gainean dago, eta 135 metroko altuera eta 525 metroko zabalera du; haren gibelean bi ibar eta zazpi herri geratu dira urpean. Nafarroako urtegi handiena da Itoizkoa, 586 hektometro kubo ur biltzeko gaitasuna dauka.

Hastapeneko helburu ofiziala Nafarroako zonalde “lehorretako” nekazal guneak urez hornitzea zen, txorrotarako eta industriarako ere bai. Horretarako Nafarroako ubidea diseinatu zuten, 177 kilometroko azpiegitura.

Ubidearen lehen fasea egina dago –Itoitzetik Pitillaseraino–, eta horren hedapena eraikitzen ari dira orain. Baina bistakoa da zor publikoa egiteko zulo bat baino ez dela, batez ere gobernu aldaketarekin agerian geratu direnetik azpiegitura kudeatzen duen Canasa sozietate publikoaren kontuak: diru-sarrerak eskas, eta uste baino 100 milioi euro gehiago behar.

Ablitasen amaituko litzatekeen ubidearen bigarren fasea oso zalantzan dago momentu honetan, UPNk Erriberako ur-hornidura oposizioa egiteko ikurtzat hartu duen arren. Nekazaritzara emana dauden zenbait herritan uko egin diote ubidea erabiltzeari, garestiago suertatuko zaielako eta ureztatze tradizionalaren hautua egin dute .

Pribatizazio klabeetan eta agro-industria kutsatzailearen mesedetan pentsatutako proiektua da honakoa. Agoitzen badute beste arrazoi bat Itoizko urtegia betiko husteko borrokarekin jarraitzeko.

Komunikabidea: Argia

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.