Rotaflexaren prozesioa

ITOIZKO_URTEGIA_-_KABLE_MOZKETAAste Santua zen. 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera. Desconstrucciones Itoiz enpresako zortzi langile eraikitzen ari ziren Itoizko urtegiko hormara hurbildu ziren. Lan jantzien azpian, Itoizko urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatzarekin joan ziren urtegira: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten.

Hogei urte beteko dira datorren astean, hilaren 6an, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek kableak moztu zituztela. Hura izan zen solidarioen ekintzarik ikusgarriena, bai eta eraginkorrena ere. Ez bakarrik lanak hainbat hilabetez gelditzea lortu zutelako; Itoizko auzia Euskal Herriko mugetatik kanpo eraman zutelako ere bai. Bederatzi hilabeteko etenaldiaren ondotik, hala ere, obrek aurrera jarraitu zuten. 2004. urteko urtarrilaren 19an, urtegia betetzen hasi zirela ospatu zuen Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Baluarten.

“Oso ekintza interesgarria izan zen, eta piztu zuen halako garra. Garai hartan, proiektua gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude”. Horixe nabarmendu zuen Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Julio Villanuevak, 2013an, urtegiaren azpian gelditu diren herriak bota zituztela hamar urte bete zirenean.

Villanueva izan zen kableen mozketagatik espetxean sartu zituzten hiru solidarioetako bat. Iñaki Garia Koch izan zen kartzelan sartzen lehena, 2001. urtean. Ia lau urte eman zituen barruan. 2004ko martxoan, Ibai Ederra espetxeratu zuten, eta bi urte eta erdi pasatxo egon zen kartzelan. Villanueva, berriz, 2007ko abuztuan sartu zuten espetxean, eta urte bereko abenduan atera zuten.

Itoizko urtegiko kableak moztu zituzten Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kideek lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. “Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko”, gogoratu zuen Villanuevak, 2013an egindako elkarrizketan.

Kazetariak lekuko

Solidarioekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6ko ekintza haren lekuko. Tartean zen Egunkaria-ko Iruñeko delegazioko kide Ana Unanue. Kableen mozketaren hamargarren urteurrenean, goizalde hartakoak gogoratu zituen Unanuek BERRIA-n: “Eguna argitu aurretik lo kuluxka egiteko esan ziguten. Baina nik ezin nuen. Nerbioek jota nintzen, gaizki aterako zela pentsatuz. Baina oso azkar joan zen dena, eta garbi”.

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik. Unanuek argi zuen ekintzaren irudiak suntsitu nahiko zituztela zinpekoek eta guardia zibilek. Ez zuten lortu, ordea. Argazkiak egin, eta berehala atera zituzten filmak handik taldeko hainbat kidek. Unanuek berak, bularretakoan bazituen bi film gordeta. Kableen mozketa gertatu eta gero, Egunkaria-ko Iruñeko egoitzako atea indarrez ireki, eta hankaz gora jarri zuten bulegoa. Ustez, argazki film haien bila. Ez ziren han gordeta, ordea.

Ekintza egin eta gero, kazetariek ordu eta erdi egin zuten Agoizko Guardia Zibilaren egoitzan. Anitzez ere denbora gehiago eman zuten han Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Nafarroako eta Espainiako gobernuak hasieratik saiatu ziren haien jarduera kriminalizatzen, solidarioek salatu zutenez. Langileen lanpostuen gaia baliatu zuten jendearen artean eztabaida pizteko.

Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek ere eztabaida piztea izan zuten helburu, eta Europan bira egin zuten, haien aurkako auziaren eta Itoizko urtegiaren berri zabaltzeko. Elkartasuna jaso zuten trukean, munduko hamaika txokotatik.

Ez zen nahikoa izan, ordea, proiektua behin betiko gelditzeko. Kableak moztu zituztenean, bazen urtegia legez kanpokoa zela erraten zuen sententzia. Betetzeko ezin ordain zitekeen bermea jarri zutela izan zen proiektua ez gelditzeko gakoa.

2003. urtean bota zituzten urtegiak egun azpian dituen herriak. Geroztik, zazpi herri pobreago da Nafarroa. Auzia, halere, ez da amaitu. Segurtasun arazoak ez dira desagertu. Galdutako herrien memoria ere ez.

Komunikabidea: Berria

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.