Oiartzun, euskal dantzaz blai

oiartzunEuskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, Euskal Herriko Dantzarien Eguna ospatu zen atzo Oiartzunen, eguraldi ederra lagun. Iparraldeko eta Hegoaldeko hogeita hamalau dantza taldeko 1.000 dantzari aritu ziren ikuskizun koloretsua eskaintzen, Oiartzungo kaleak alaitzen zituzten bitartean. Dantza zale ugari bildu zen Oiar-tzunen dantzarien emanaldiekin gozatzeko.

Duela 33 urte ospatu zen lehen aldiz Dantzari Eguna euskal folklorea omentzeko. Geroztik, urtez urte jarraitu diote usadioari. Oiartzunen, atzokoan, argi ikusi zen senidetasun eta laguntasun egun biribila ospatzeko gai direla, non Euskal Herriko dantza taldeek herrialde desberdinetan jaiotzen diren dantzak eskaini zituztela, ikuskizun koloretsu eta ederra osatuz. Horrela, a-tzoko agerraldiekin taldeek urtean zehar egiten duten lana era garbian erakutsi zuten, sentimendu handiz.

Euskal dantzarien Biltzarra zen antolatzaile. Xabier Mendizabal, Gipuzkoako lehendakaria, «oso pozik» zegoen dantza tradizionalaren erakusleiho paregabea izan zelako Oiartzun herria. «Dantza eta folklorearen aberastasuna erakutsi dugu, beste behin ere». Bestalde, Oiar-tzungo udalari eskertu zion eskainitako babesarengatik. «Dena dela, honelako ekintzak gauzatzea ezinezkoa litzateke makina bat lagunen laguntzarik gabe. Haurtzaro Ikastolako nahiz Elizalde Herri Eskolako kideek lan eskerga egin dute guztia behar bezala bideratzeko», azpimarratu zuen.

kartelaEHDEOlarri dantza taldea

Euskal dantzaren festa handia Oiar-tzunen egiteak bazuen arrazoi handia. Aurten sortu berri da Olarri dantza taldea Oiartzunen, 16 urtetik gorako 40 dantzariekin. Hortaz, Haurtzaro eta Elizaldeko dantza taldeetan ibili ondoren, ikastetxetik atera eta dantzan jarraitzeko aukerarik badute Olarri talde berriarekin.

Egunari hasiera emateko, dan-tzariek kalejira egin zuten musikariekin batera. Gero, talde batzuk Landetxe plazan bildu ziren, besteak, berriz, Doneztebe plazan. Hantxe erakutsi zuten Euskal Herriko dantza tradizionalen aberastasun eta oparotasuna. Azkenik, Doneztebe plazan bildu ziren 1.000 dantzari inguru, herritarren aurrean azken dantza ekitaldia eskaintzeko. Arin-arin, fandango eta Larrain dan-tza eskaini zituzten azkenerako. Haien dantzekin gozarazi zituzten bertaratutako ikusleak. Herritarrek Herriko plaza guztia inguratu zuten eta makina bat txalo luzatu zizkieten Euskal Herriko 34 taldeko kideei. Saioaren ostean, mahaiaren inguruan bildu ziren dantzari guztiak kontu-kontari.

Dantzarien Eguna Doneztebe plazan bukatu zen. Arratsaldeko 17:00etan hasi zen Luhartz taldearekin erromeria.

Komunikabidea: Diario Vasco

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.