Saioa Gamio: “Gazteriak borrokatu behar du bere ahotsak oihartzun handia izan dezan”

P1040427Lehenengo galdera birformulatu egin dut, Ekialdeko Gazteria 2004. Urtean sortu zelako. Taldea desegiten joan zen eta berriz ere denak elkartzea eta talde berria sortzea erabaki egin genuen. Horretarako urrian 3 eguneko topaketak burutu genituen Agoitzen, zer nolako taldea osatu eta nola funtzionatu nahi genuen zehazteko.

1) Orain dela gutxi Ekialdeko Gazteria berriz elkartu zineten. Nortzuk osatzen duzue?

Ekialdeko Gazteriak, izenak ongi dioen bezala, Nafarroako Ekialdeko gazteak biltzen ditu, eta egun, Aezkoa, Agoitz, Auzperri, Erronkari, Nabaskoitz, Zaraitzu eta Zangozako gazteak biltzen ditu. Ekialdea Zangozako merindadea hartzen du bere baitan, eta nahiz eta orain gazte asanblada hauek biltzen garen, zonaldeko besteei ateak irekiak dituztela argi utzi nahi diegu.

2)  Zeintzuk dira taldearen helburuak?

Gure helburu nagusia Nafarroako ekialdean gazte mugimenduaren plataforma bateratu eta sendoa sortzea da. Honen bitartez inguruko Gazte Asanbladen arteko harremana estutu nahi dugu, eta era berean, hauen arteko elkarlana bultzatu. Horretaz gain, Ekialdean ematen diren arazoen aurrean erantzun bateratua ematea da ere gure helburua, guztien artean indar handiagoa lortzearren.

3) Zergatik elkartu zarete? Zein da bat egitearen xedea?

Taldearen bitartez Gazte Asanbladen arteko harremana finkatzea lortu nahi dugu, zonaldea oso zabala delako eta horren ondorioz, asanblada askoren arteko elkarlana ez zegoelako. Talde honen laguntzaz asanbladen arteko informazio elkartukaketa sustatu nahi dugu, modu honetan gure artean laguntza eskainiz.

4)  Nola egiten duzue lan?

Printzipioz hilabetean behin elkartu egiten gara, kurtsoan zehar Agoitzen (gehienak ikasleak izanda Iruñean daudelako) eta udan gainontzeko herri ezberdinetan. Asanblada bakoitzeko bi ordezkari joaten gara bileretara. Argi dugu erabaki guztiak asanbladek hartu behar dituztela, beraz, erabakien atzetik hauek daude, ordezkariak bozeramaile soilak izanik.

5) Zer nolako dinamikak ematen dituzue aurrera?

Orain arte ez dugu gehiegirik egin, izan ere talde bezala egonkortu nahi garelako ezer antolatu baino lehen. Topaketetan hartu genituen erabakiak txosten batean idatzi nahi izan ditugu, nahi duen guztiak hau irakurri ahal izateko. Horretaz gain blog bat (ekialdekogazteria.wordpress.com) jarri dugu martxan, Gazte Asanblada guztiek haien berriak publikatu ditzaten eta modu honetan, nahi duen orok hauetan parte hartu dezan. Urtean behin asanblada guztien partaideen topaketak burutuko ditugu, gazteen harreman eta interesa galdu ez dadin, eta aurrerago, kanpora begira beste ekintzak antolatzeko asmoa badugu, baina hasteko, esan dugun moduan, talde bezala egonkortasuna lortu nahi dugu.

6) Nola ikusten duzue Ekialdea gaur egun?

Ekialdea oso eremu zabala da, eta beraz, zaila da deskribapen orokor bat ematea. Gure zonaldea Nafarroako handienetarikoa da, baina aldi berean, biztanle gutxienetarikoa ere. Horren ondorioz errealitate oso ezberdinak daude zonalde bakar batean. Gazte ugari egon arren, herri eta bailara batzuetan ez dago gazte mugimendurik, eta horren ondorioz, askok Iruñerrira jotzen dute haien bizitza egiteko.

Hala ere Ekialdeko beste eremu batzuetan beste arazo bat badago, eta hau gazteriaren inplikazio falta da. Gazteria geldirik dago eta ez du mugimendu sozialetan parte hartzen, haien arazo eta problematikak manifestatu gabe utziz.

7) Zeintzuk dira gure eskualdearen alde onak? Eta gabeziak?

Gure zonaldeko abantailetako bat dagoen aniztasuna dela esan dezakegu. Landa eremu txikiak baditugu, eta baita herri handiagoak. Naturgune paregabeak ditugu, bakoitza bere berezitasunarekin, eta baita ondare historiko izugarria ere. Zerbitzu gehienak aurki ditzakegu bertan, gure zonaldean bizitzea posible egiten dizkigutenak.

Gabeziei dagokienez, Iruñera joatera eramaten gaituztenak dira. Adibidez, eskualdean bigarren hezkuntza osoko institutu euskalduna falta da, eta horren ondorioz, gazte guztiek Iruñera jo behar dute haien ikasketekin jarraitzera. Honek eragin handia du atzerago aipatu ditugun kontuekin, badirelako hiriburuan bere bizitza egiten gelditzen diren asko.

8) Zeri eman nahi diozue lehentasuna?

Ekialdeko Gazteriak herri eta bailaren arteko informazio trukaketa eta elkarlanari ematen diogu garrantzi gehiena, honen bitartez etorkizunerako harreman sarea josten joango garelako. Bien bitartean, herri bakoitzeko problematikak ere kontuan hartzen ditugu, bata besteari laguntza eskaini ahal izateko behar izatekotan.

9) Zer nolako garrantzia du gazteen ahotsak?

Gazteen ahotsak garrantzi ezinbestekoa duela uste dugu. Gazteriak bere nahiak defendatu egin nahi ditu, desberdintasunak salatuz, eta horretarako borrokatu egin behar du, bere ahotsak oihartzun handia izan dezan.

10)  Nola pasa beharko litzateke hitzetatik ekintzetara?

Hitzak ez dira bertan gelditu behar, eta diozuen bezala ekintza izatera pasa behar dute. Horretarako antolakuntza behar da, serio jartzea eta benetan zerbait nahi izatekotan, hau lortzeko baliabide guztiak bilatu behar dira eta lanari gogor ekin. Esaten den bezala, lanaren bitartez lortzen dira gauzak eta ez ordea magiaren bitartez.

11)   Nolako Ekialdea ikusten duzue biharko egunean?

Zaila da gure eskualdea urte batzuk barru nolakoa izango den esatea. Guk oraingo egoerari buelta eman ahal izatea espero dugu, Ekialde bateratu eta langile bat izanez, zeina bere baliabideen bitartez kudeatzen dena.

12)   Agoitzek ere Gazte Asanblada du. Nortzuk osatzen duzue?

Agoizko Gazte Asanblada herriko gazteen koadrilek osatzen dugu. Gure nahia gazte koadrila guztietako ordezkariak egotea da, baina gaur egun 5 edo 6 koadrilek osatzen dugu, nahiz eta ekintza guztien atzetik gazteria gehienaren babesa dugun. Gure nahia bileretara eta ekintzen antolaketetara pertsona ezberdin gehiago agertzea da, gazte talde ezberdinen nahiak entzuteko eta guztien eskaerak kontuan hartu ahal izateko.

13)   Zeintzuk dira helburuak?

Gure helburu nagusia agoizko gazteria osotasun baten moduan lan egin ahal izatea da, hau da, koadrila ezberdinetako gazteak bildu ahal izatea eta guztien artean elkarlanean edozer egiten ibiltzea.

14)   Zer nolako lana egiten duzue?

Printzipioz urtero zenbait jaietan gazteria biltzeko ekintzak antolatzen ibiltzen gara, eta beraz, aisialdia lantzen egoten gara batez ere, baina hala ere, urtero zerbait ezberdina egiten saiatzen gara. Aurten gozamenez programa lantzen ibili gara adibidez.

15)   Nola ikusten duzue herria egun?

Agoizko herria oso herri aktibo bezala ikusten dugu, mugimendu sozial ugari eta bizitasun kultural handia du eta. Hauetan biztanleen lana eta inplikazioa ikus dezakegu, eta hau oso gauza positibotzat jotzen dugu.

Gazteriari dagokionez, ordea, gero eta geldiagoa dela uste dugu. Gazte Asanbladatik gazteria bajeretan sartuta ikusten dugu, eta beraz, honen parte hartzea gero eta eskasagoa dela nabaritu egiten dugu.

16)   Nolako Agoitz irudikatzen duzue etorkizunean?

Gure iritziz etorkizunean gure herria den bezain aktiboa izaten jarraituko du, hurrengo belaunaldiek oraingo eragileei lekukoa hartu egingo dizkietelako. Ez dugu “pueblo dormitorio” horietako bat bihurtzen utziko, eta horretarako agoizko komertzioa eta aisialdia, beste batzuen artean, landu eta babestu egin beharko dugu.

Elkarrizketa abuztuko El Tuto aldizkarian argitaratu da

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.