Agoizko udalak positiboki erantzun die herritarren eskaerei

euskeraAgoiztarrek jaso dute “Udalak eta Biok Euskaraz” dinamikaren bitartez tramitatutako eskaeraren erantzuna.  Dinamika honen bitartez, herritarrak aktibatuz herritarron eta udal administrazioaren arteko harremana euskaraz izatea lortu nahi du Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak. Agoiztarrek lortu dute aldaketa horiek eragitea.

Tokian toki fase ezberdinetan da dinamika. Agoitzen otsailean ekin zioten eta hil horretan bertan egin zituzten lehenengo eskaerak. Bertan “hemendik aurrera jasoko ditugun paper, ohar, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta abar guztiak euskara hutsean” izan daitezen galdegin zuten. Ondoren, hainbat herritarrek egin zuten bat aldarri horrekin.

Behin eskaerak eginda, udalaren erantzunaren zain egon dira. Udalak gutun bidez helarazi die eskaera egin zuten herritar orori erantzunaren berri. Herritarren eskaerei jaramon egin eta horiek egia bihurtzeko behar diren neurriak hartzeko konpromisoa agertu du. Aurrerantzean, eskaera egin dutenei zuzendutako paper, ohar, inprimaki, publizitate, euskarri eta abar guztiak euskara hutsean izango dira, Xinple aldizkaria eta kultur agenda izan ezik. Zerrenda bat osatuko dute berau eskatu dutenekin eta udaleko langile ororen eskura jarriko da ebatzitakoa bete dadin.

Herritarren zein udalaren jarrerarekin pozik agertu dira Agoizko EHE-ko kideak. Bide batez, “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikak aurrera jarraitzen duenez, eskaerak egiten jarraitzeko deia luzatu dute.

Komunikabidea: euskalherrianeuskaraz.org

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.