Hamalau txapelen esperientzia eta aholkuak Atano III.eko aulkietan

p006_f01_435x345Sarri esan ohi da, aukeratzeko moduan izanda, botilerorik onena baino, epailearen txapak lehen sakea ematea aukeratuko luketela pilotaririk gehienek. Ez dakigu igandekoak laguntzailerik onenak diren edo ez, baina nekez aurkitu lezakete Juan Martinez de Irujok eta Julen Retegik igandean bizi behar dituzten sentsazioak hobeto ezagutzen dituzten bi, Julian Retegi eta Patxi Eugiren artean, Manomanistako 14 txapel eta 19 final batzen baitituzte.

«Horretan Julian izan da batez ere artista. Nik ere neure ibilbidea dut, baina orain ahal dugun neurrian laguntzea tokatzen zaigu», azaldu zuen Agoitzeko aurrelari ohiak aulkitxoan egongo den pilotaren historia zatiaz galdetuta. Botilero bezala, ordea, berak dezenteko abantaila ateratzen dio Eratsunekoari, hau izango baita haren aurreneko aldia halako lanetan. «Baina hor, Juanekin aritzearen zortea izateak du meritu guztia. Ea beste txapel hau ateratzen duen, sufritu duen guztiarekin, beretzat oso garrantzitsua izango litzateke-eta», gaineratu zuen.

Hala lortuko balu, modalitate honetako historiako rankingean beste urrats bat egingo luke Iberokoak, launa txapel dituzten Olaizola II.a, Beloki eta Atano III.a atzean utzi eta Retegi I.a eta Azkaraten seietarako bakarra baino ez litzaioke-eta faltako.

Palmaresaren puntan, ordea, igandean semearen laguntzaile lanak egitea egokituko zaion Julian Retegi izango da. «Badaukat halako gauza arraro bat estomagoan, baina gehien Julenek izan behar du. Nire kasuan nahikoa lasai hartu dut, oso pozik nago, finalera heldu da eta txapela irabazteko finalera heltzea beharrezkoa da; orain, txapela eskuratzeko aukera dauka», azaldu zuen Eratsungoak.

Hamaika txapelen jabe den Julian Retegik badaki finala oso zaila daukala semeak, Irujok esperientzia askoz handiagoa duela halakoetan, baina sinistuta dago Julenek irabazteko aukerak, izan, badituela.

Hori bai, ez omen dute ezer berezirik prestatu, ezta Irujok minduta duen esku hori bilatzeko taktikarik prestatu ere. «Ni sekula ez naiz ezer prestatzeko oso zalea izan, hori aurkakoak ipintzen du kantxan nondik ibili eta nondik saiatu. Momentuak esango du Irujo bera nola irteten den eta berdin Julen. Partida hasten denean ikusten dituzu egin beharrekoak».

Julen Retegik ere izan ditu bere arazoak eskuinarekin, baina igandean jokatzeko moduan izango omen da. «Bai, entrenamendutxo bat egin zuen asteartean, gaur [atzo] eskuak berotu ditu, ez du entrenamendu gogorrik egiterik izan, baina bera ez da kexatu. Eta berak bazuen atzerapena eskatzeko aukera, nahiz eta ez esan; baina ez zuen nahi eta igandean badakit eskuetatik ondo irtengo dela».

Irujoren ezkerra

Finaleko beste giltzarrietako bat Martinez de Irujoren ezker eskuan egon daitekeela onartu zuen Patxi Eugik. Iberokoak sufrikario latza pasa du azken hilabeteetan eta bere erreminta %100ean ez duela ekin beharko dio finalari. «Ezkerrak nola erantzuten dion oso garrantzitsua izango da, badugu konfiantza ezker hori maila onargarri batean izango dela, finalerdiaren pare edo, eta hala badu errazagoa izango du irabaztea. Hori bai, Juleni irabazi egin behar zaio, fisikoki oso indartsu ikusten baitut, eta baita buruz ere».

Hori bai, pilotariak berak egunkari honi eskainitako elkarrizketan esan bezala, bere aholkulariak ez du uste Iberokoaren jokoa gehiegi aldatu denik. «Juanek bizitza osoa darama sufritzen. Azkenean, urte asko daramatza oso maila onean jokatzen, bere jokoa nahikoa heldua dela esango nuke, asko borrokatzen du, beti dago partidan sartuta eta hori da horrenbeste urtetan goian egotea ahalbidetu diona. Orain muga horrekin ari da jokatzen, bai, baina buruz ere oso indartsu dago, apenas egiten du oparirik eta irabazteko tanto asko egin behar zaizkio», azaldu zuen.

Aitaren fedea

Julen Retegi, bere aldetik, bere ibilbideko unerik gorenean da, Aimar Olaizola txapelduna eta Mikel Idoate kanporatu ostean, bere lehen garaipen sonatuaren atarian baita. Aspeko nafarra ez zen, hasiera batean behintzat, pronostikoetan sartzen, baina bere aitak beti izan du sinesmen handia bere dohainetan. «Nik Julenekin fede handia izan dut eta orain ere hala daukat. Kirolariak mota guztietakoak egoten dira, baina Julen oso pilotaria da eta pilotaria ez da edozein. Pilotan jokatzea gauza bat da eta pilotaria izatea beste bat eta Julenek hori badauka, pilotaria dela argi neukan, eta pixkanaka-pixkanaka iritsi da. Gero, finalera sartzea hitz handiak dira, baina sartu izan ez balitz ere, beti esango nukeen pilotari handia dela», aitortu zuen aitak harro.

Eratsungoarena ez da ibilbide erraza izan. Goi mailako partidetan, batez ere binaka, jokatzeko aukera handiegirik ez du izan, baina Julian Retegik ez du uste bere abizen bera eramatea izan denik arazo horien iturburua. «Traba gehiagorik ez du izan horregatik. Komentarioak mingarriak izaten ahal dira, bat edo bi beti izaten dira kalte egin nahi dutenak, baina hori ez da kaltegarria izaten. Momentu puntualetan min eman dezakete, bai, baina horretan ere Julen ni baino inteligenteagoa da, oso erraz eraman du asuntoa».

Pilotan hasi zenerako ohartarazi omen zion aitak berarekin etengabe konparatuko zutela, baina hasieratik ondo eraman eta bere bidea egin duela nabarmendu zuen aitak. «Nahiz eta abizen hori izan, bere lana egin behar izan du, bera asko saiatu da eta pilota ikaragarri gustatzen zaio gainera».

Atzera begira ere jarri nahi izan genuen Manomanistan txapelik gehien pilatu duen pilotaria, eta bere garaiko finalekin konparatzen hasita, kazetariok saltsa gutxi jarri omen dugu, nahiz eta atzo Atano III.ean baziren dozenatik gora kazetari eta prentsa areto gisa erabilitako gelan apenas zegoen lekurik beste inor sartzeko. «Gaur, jendea behintzat, tipo hartara etorri da, jende asko. Baina beharbada zuek, egunkariek, ez diozue halako bonborik eman, gure garaian gerra handia egoten zen finala jokatzeko garaian, handik eta hemendik sortzen ziren polemikak, batez ere zuen partetik [kazetariak]. Hori pixka bat faltan sumatzen dut gaur pilota munduan. Beharbada, asko zaudete, orduan ez zeuden hainbeste eta ematen zioten halako bonbo bat. Baina final honekin ez dut halako anbienterik ikusi», aitortu zigun.

Arrazoi parte bat izan dezake pilotari ohiak, sarreren salmentari dagokionez behintzat, nahikoa motel baitoa gauza. Finala Donostian izanda ere, atzo eguerdian ehundik gora ziren saltzeke geratzen ziren sarrerak eta prezio guztietakoak omen zeuden eskuragai, garai batean egun bakarrean denak saltzen baziren ere.

Hori bai, berak horrenbeste txapel irabazi zituen pilotalekura itzultzeak oso oroitzapen politak ekarri omen zizkion eratsundarrari. Eugik ere ez zuen batere penarik Atano III.ean jokatzeagatik. «Azken urteetan Aimar izugarri baten aurka jokatu behar izan du, eta gainera Bilbon. Argi dago Aimar bikain aritu dela, baina Bizkaiak berarentzat egindako frontoia dirudi, bikain doakio bere jokoari».

Komunikabidea: Gara

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.