Baigorritik mundu osoari so, Euskal Herria ereiten segitzeko (Agoizko Dantzari Taldea Baigorrin)

IMG-20140428-WA007«Agur Nafarroa eta agur euskaldun guztiei. Goza ezazue egun hau. Biba Nafarroa!», esan zion Jean-Michel Coscarat Baigorriko auzapez berriak eguerdian Elizako plazan bildutako jendetzari.

Aldez aurretik hitza hartua zuen Herriko Etxean, estreinakoz Nafarroako auzapezei bertaratzeko egindako gomitari erantzun zioten 30 bat hautetsien aitzinean. Han ziren, besteak beste, Izura, Banka, Irulegi, Uharte Garazi, Bidarrai, Azkarate, Gamarte, Donazaharre eta Baztango hautetsiak. Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruak, Laura Mintegi EH Bilduko parlamentariak eta Aralarko Patxi Zabaletak ere ez zuten hutsik egin. Nafarroako bandera udaletxeko balkoian eskegi eta denek argazki ederra atera zuten, Coscaratek «kultura eta festatik harago, arlo guztietan denon arteko elkarlana sendotzeko» asmoa eta nahia adierazi ostean.

Eguzkia, laino trinkoak eta euri tantak borrokan aritu ziren egun guztian. Agian eguraldiaren ezegonkortasunak aurreko edizioetan baino jende gutxixeago erakarri zuen, atzokoan, Baigorrira. Giroak, ordea, ez zuen kale egin. Urteroko hitzorduko ekimenak gogoz eta alaitasunez jarraitu zituzten Euskal Herri osotik eta, batez ere, Nafarroako txoko guztietatik jindako milaka herritarrek.

Goiz partean, txistu, trikiti, gaita eta txaranga doinuen artean, kabalkada koloretsuak herria zeharkatu zuen elizako plazaraino iristeko. Han ziren Amikuzeko eta Baigorriko jigante eta buruhandiak, Agoitzeko, Leitzako eta Lizarrako dantza taldeak, Iruñea, Sakana eta Barañaineko 55 trikitilari, kalejiran atzetik zituztenen eta plazan bildutakoen gozamenerako emanaldi ikusgarria eskaintzeko prest.

Aldarrikapenen eta iragarpenen korridore bihurtuta, bide guztian paratutako pankarta eta kartelek hurrengo egun eta asteetarako hitzorduak gogoratzen zituzten, esaterako Maiatzaren 1eko ekitaldiak, hilak 11ko Herri Urrats jaia edota ekainaren bukaeran izango den Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Euskal preso politikoen eskubideen aldarria ere presente egon zen. Hala, Ibon Fernandez Iradi preso gaixoaren egoera gogora ekarri zen, eta sakabanaketa politika salatzeko laster aukera berri bat izango dela ere gogoratzen zuten pankartetako deialdiek; hain zuzen ere, hurrengo ekainaren 14an Baionan antolatu den manifestazio nazionalean.

Urtero bezala, Herrirak deiturik, preso eta iheslariekin elkartasunezko manifestazioa egin zen Baigorrin eguerdi partean. Aurretik, behin dantza saioa amaituta eta Karmeleren ohiko irrintzia entzunda, Basaizea elkarteko ordezkarien mezua arretaz jarraitu zuten plazan bildutakoek. Laburra baina trinkoa izan zen.

Komunikabidea: Gara

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.