Krisiaren munstroa esnatu zenetik, Nafarroako hainbat udalerri eta eskualdetan ibili da izua zabaltzen. Agoitzen, esaterako, eragina nabarmena izan da, eta kinka larrian utzi du herria: lantegiak itxi dira, langabezia tasak nabarmen egin du gora, etxegabetzeak egon dira… Ohiko legez, finantzen munduan sortutako gatazkaren eragina batere errurik ez dutenek pairatzen dute, hots, herritarrek. Egoera honen aurrean, bizilagunen alde lan egiten duten elkarteak batu egin dira, munstroari sarea botatzea helburu.

Ez ditugu garai onak bizi. Egunero, politikariek tunelaren amaieraren urtea darabilte  hitzetik hortzera; alabaina, errealitatea bestelakoa da, hau da, gero eta ilunago ikusten dugu etorkizuna, gero eta familia gehiagok pairatzen baitituzte krisiaren ondorioak. Egoera horren isla da Agoitz herria. Ezegonkortasun ekonomikoa hasi zenetik, hamaika lantegi itxi dira herrian eta, horren ondorioz, langabezia tasak gora egin du: 2013ko udan, 300 langabe baino gehiago zeuden herrian (2.640 biztanle zituen 2012an).
Gauzak horrela, lanpostu galera herriko familiek sufritu dute: hilaren amaieran etxera sartzen den diruaren murrizketa, mailegua ordaintzeko zailtasunak, zorrak… eta egoera larrienean, etxegabetzeak. Testuinguru gogor horren aurrean, Agoizko herritarrek ezin zuten jarraitu ezikusiarena egiten, eta erabaki zuten modu batean edo bestean bizilagunei laguntzea: “Krisiaren eraginez, pobrezia eta bazterkeria handitu egin dira; familia ugari dago kinka larrian eta erakundeetara jotzen dute laguntza eske, oinarrizko beharrak asetzeko” dio Sarean elkarteko Ana Kosinek.

Egunerokotasun beltzaren aurrean, herritarren alde lan egiten duten erakundeek indarrak metatzea erabaki dute, eta eztabaidarako eta irtenbideak bilatzeko gunea sortu dute Agoitzen: Sarean. Une honetan, ondoko elkarte hauek osatzen dute ekimena: Babespean, etxegabetzeen aurkako plataforma; Agoitzaldea Bizirik, herriko ehundura sozioekonomikoaren alde lan egiten duen taldea; eta Beharra, emakumeen taldea. Hurrenez hurren, prebentzioa eta kohesio soziala dira hiruren artean osatu duten elkartearen oinarriak.

Elkartasunak bultzatuta, herritar guztientzat zabalik dagoen foroa da  udaletxe  azpian Udalak utzi dien lokala. “Gehienetan, egoera larrian dauden herritarrek ez dute beren errealitatearen berri ematen, eta, horrenbestez, zaila izaten da familiengana zuzenean jotzea. Hori dela eta, eztabaidagune honetan, ateak irekitzen dizkiegu herritarrei, eta, ahal dugun heinean, geure laguntza eskaini” dio Kosinek.

logoa-kolorezEkimenak, prest
Sarean ekimeneko kideek badakite ez dutela eztabaidetan denbora galtzerik; izan ere, elkartzen diren bakoitzean, krisiari aurre egiteko neurriak hartzen dituzte. Herritarrekiko konpromisoa da beren lehentasuna, eta maiatzaren 4tik hona (aurkezpena egin zuten egun beretik) hainbat proiektu jarri dituzte martxan, guztiak xede berarekin: behar duenari laguntza eskaintzea.

Uda honetan, esaterako, Utzitako sarrera ekimena jarri dute martxan, Kanpondoa Kirol Gunearekin batera. Proiektuan parte hartu duten agoiztarrek, igerilekura joatean, egun bateko txartela utzi dute ordainduta beste batek erabili ahal izateko:  “Bagenekien hainbat lagunek igerilekura joateari utzi ziotela, ezin zutelako sarrera ordaindu. Hori dela eta, ekimen honen bitartez, herritar guztiek izan dute aukera udako egun beroenetan bainu bat hartzeko” dio Kosinek.  Eta lortutako emaitzarekin oso pozik daude Sarean elkarteko kideak: 31 txartel utzi zituzten ordainduta eta horietatik 19 erabili dira. Gainerakoak, xede berarekin erabili ahal izateko gordeko dituzte.
Udazken honetan, berriz, herri baratzearekin ari dira lanean. Ekimen honen bitartez, parte hartu nahi dutenei lurra nola landu behar duten irakatsiko diete, eta partaideen beharren arabera banatuko dute bildutako uzta. Sobera geratzen diren barazkiak, aldiz, Agoizko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren esku jarriko dituzte. Bien bitartean, udalak utzi dien lur eremua prestatzen ari dira, 2014ko urtarriletik aurrera barazkiak ereiten hasteko.

Baratze sozialarekin batera, bigarren eskuko azokarekin ari dira lanean azken aste hauetan. Besteak beste, azaroaren 16an eginen duten azokan, bigarren eskuko jostailuak eta jolasak trukatzeko bi mahai jarriko dituzte: bata Eskolako eta Haurtzaindegiko Guraso Elkarteena (jostailuak, panpinak…) eta bestea  Gazteena (bideo-jokoak, bideo-jokoentzako euskarriak…). Era berean, egun horretan erabiltzeko moduan dauden jostailuak bilduko dituzte, Eguberrietako kanpainan beharra duten haurren artean banatzeko.

Horrekin guztiarekin batera, udaletxe azpiko elkartasun ideien iturrian hainbat ekimen abiatu dituzte. Doako dendak, adibidez, kontsumo arduratsua bultzatu nahi du, itotzen gaituen kapitalismoari aurre eginda: “Txoko honetan, arropa birziklatu, berrerabili, trukatu eta oparitu egiten dugu, besteak beste”. Horiek horrela, edonor gertura daiteke, eta nahi duen arropa har dezake; aldi beran, erabiltzen ez den arropa hori, armairuko bazterretik atera eta bertan utz dezake.
Filosofia berarekin sortu dute irakurketaren txokoa. “Herritarrek apalategietanuzten dituzte liburuak, eta gure liburutegiko ale bat hartu nahi badute, beste bat utzi beharko dute”. Etorkizunari begira, zerbitzu honen baitan hitzaldiak, elkarrizketak, eztabaidak… antolatzea aurreikusten dute.

Herriaren babesa
Orain arte ibilbide laburra egin duten arren, oparoa izaten ari da Sarean elkarteko lagunak egiten ari diren lana. Herritarren artean harrera ezin hobea izan dute, eta 2013ko abuztuko jaietako txupina jaurti zuten Bilaketa Txarangako kideekin batera; herriaren aitortza izan zuten. “Oso pozgarria izan zen. Ez genuen espero, inondik inora, gure esku egongo zela herriko jaiei hasiera emateko ardura, beste talde asko baitzeuden ohore hori merezi zutenak”.

Hilabete batzuk beranduago, urriaren 11n, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak antolaturiko jardunaldi batzuetan parte hartzeko aukera izan zuten, ekimenaren berri emateko eskatu baitzieten; izan ere, Sarean elkartean ere gizarte hezitzaileak daude eta jaien laguntzarekin batera bideratzen dituzte herritarren foroan prestatzen dituzten proiektuak.

Pausoz pauso, elkartasunaren itzalpean, krisiaren eragina emeki-emeki ari da arintzen Agoitzen. Sarean elkarteko kideek erakutsi duten bezala, indarrak metatu besterik ez dago arazo larriei aurre egiteko. Ondorioz, ziurrenik, martxan dituzten proiektuei esker, berehala botako diote sarea krisiaren munstro beldurgarriari, are solidarioagoa izango den herri bati bide emanez.

Komunikanidea: Aizu! aldizkaria

Comments

No comments yet. Why don’t you start the discussion?

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.