‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saio bat Agoitzen grabatu da

Pasa den abenduaren 19an grabatu zen, Kultur Etxean, ‘Herri Txiki, Infernu Handi’ programako saio bat. Bertan elkartu ziren Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleak, Sebastian Lizaso bertsolaria eta Agoizko protagonista guztiak: Unai Lako, Maider Eskudero, Aitziber Martxueta, Luis Mª Zabalza, Agoizko dantzariak eta gaitariak, María Leatxe eta Tomás Donazar, Aritz Ugalde eta Blanka Zazpe eta Kati Leatxe. Saioa arrakastatsua gertatu zen; izan ere, entzutegia gainezka zegoen eta publikoak ezin hobe pasatu zuen herrikoekin prestatutako esketxekin. Agoitz propio dituen ezaugarri asko agertu ziren: erraldoiak, txo-kolate jota, xinple goitizenaren esanahia, kostrada… Eta baita gauza gehiago ere izan zuten hizpide: aeroyoga, zaldiak, poesia, garagardoa. Bertaratu ez zenak eta zirenek ere urtarrilaren bukaeran izanen dute ETB 1ean programa ikusteko aukera.

Komunikabidea: agoitz.eus