Euskara, bihotzetik ahora

Barnetegi ibiltariko parte hartzaileak, atzo, Hondarribiko Jaizkibel kanpinean

Datozen bi asteetan lo zakuak, kanpinak, euritakoak eta motxila erraldoiak eramango dituzte bizkarrean barnetegi ibiltariko parte hartzaileek. Bihotzean eramango dituzte, bestalde, hainbat bizipen eta inoiz ahaztuko ez dituzten hamabost egun. Elementu garrantzitsuena, ordea, mingainean eramango dute: euskara. AEKren egitasmoak Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeaz gain, euskara praktikatzeko aukera paregabea ematen die parte hartzaileei. Atzo hasi zuten abentura Hondarribian (Gipuzkoa), eta uztailaren 29an iritsiko dira azken helmugara, Izabara (Nafarroa).

Lehenengo aldiz parte hartu du Mertxe Larrea gasteiztarrak barnetegi ibiltarian. Larreak euskara praktikatzeko hainbat modu bilatu ditu: familia barnetegiko esperientzia bizi ondoren erabaki du hamabost eguneko abenturan murgiltzea. «Gasteiz inguruan ez daukagu euskara hutsean aritzeko aukerarik: familia barnetegian umeei erakutsi nahi nien euskara egunerokotasunean erabiltzen dela, euskaraz aritzea ez dela nire burukeria», adierazi du Larreak, eta zera gaineratu du: «Oso esperientzia polita izan zen familia barnetegikoa, eta aurten saiatu naiz zerbait desberdina egiten: kirola eginez eta jende berria ezagutuz».

Barnetegi ibiltariak hainbat elementu batera uztartzen ditu: kirola, euskara, natura eta pertsonen arteko harremanak, besteak beste. Konbinazio horrek sorrarazten du euskara ikasi eta erabiltzeko giroa, Larreak adierazi duenez: «Nire asmoa da mingaina askatzea eta euskal munduan murgiltzea. Hemen, horretarako motibatuko naute». Larreak azpimarratu du, bestalde, euskara ikasten duen bitartean ondo pasatu eta gozatu nahi duela. Askotan, tituluaren dinamikan murgiltzen baitira hizkuntza ikasleak. Titulua lortzea garrantzitsua den arren, ikasketa prozesuaz gozatzea garrantzitsuagoa da, haren ustez.

Euskara ikasi, gozatuz

Ana Vados iruindarrak ere aurten izena eman du lehenbizikoz barnetegi ibiltarian, hala ere, aurretik beste barnetegi batzuetan izandakoa da. Barnetegi ibiltarian, euskara erabiltzeko ohitura lortu nahi du iruindarrak. Bizilagunarekin, ahizparekin eta azken horren mutil lagunarekin biziko du esperientzia Vadosek: lauren arteko harremana ere, euskaraz sustatu nahi du.

Vadosen iritziz, barnetegi ibiltariak aukera ematen die parte hartzaileei euskara beste modu batera ezagutzeko: «Jende askok ez du gogorik hizkuntza bat lau paretaren artean sartuta ikasteko: hau desberdina da». Ondo ezagutzen du iruindarrak esperientzia hori; izan ere, urte askoan aritu da euskaltegian hizkuntza ikasten. Hala ere, azpimarratu du AEKn beti izan duela giro ona: «Maitasunez erakutsi didate euskara, eta nire hizkuntza berreskuratzeko aukera eman didate: hori altxor bat da».

Datozen asteetan, Vadosek aukera izango du opor politak igarotzeko, jende euskalduna ezagutzeko eta euskara bihotzetik ahora eramateko.

Oriol Cardusek ere bihotzean eraman du euskara hainbat urtean. Muga geografikoak ez dira gai izan Cardusen euskara ikasteko grina gelditzeko: Terrassan (Katalunia) bizi da. Cardusek barnetegi ibiltarian euskara erabiltzeko aukera du; hori dela eta, aurten zazpigarrenez parte hartuko du AEKren egitasmoan. Kataluniarrarentzat, barnetegia burbuila moduko bat da: euskaraz egin dezakeen espazio bat. Buruhausteak etxean utzi eta euskal esperientziaz gozatzea helburu du Cardusek: «Ni hona euskaraz hitz egitera eta ondo pasatzera nator».

Asier Arroita egitasmoaren antolatzailearen arabera, Cardusen moduko hainbat errepikatzaile daude urtero barnetegi ibiltarian: «Ez gaizki ibili direlako, alderantziz, esperientzia ikaragarri gustatu zaielako». Arroitak adierazi du, bestalde, lehenengo egunetan parte hartzaileei kostatzen zaiela euskaraz eroso sentitzea. Izan ere, barnetegi ibiltariko kide askoren ingurua ez da euskalduna. Arroitaren ustez, barnetegiak balio du parte hartzaileei erakusteko posible dela harremanak sortzea, euskaraz eta naturaltasun osoz. Ez hori bakarrik, barnetegiak ikusarazten die euskaldun askori Euskal Herrian euskara hutsean bizi daitekeela. Iritzi berekoa da Ekaitz Clemos, hori ere barnetegi ibiltariko antolatzailea: «Txip aldaketa dago parte hartzaileen artean: ikusten dute posible dela euskaraz aritzea eguneroko bizimoduan». Clemosek gaineratu du, askorentzat barnetegia arnasgune bat ere badela. Izan ere, 15 eguneko tartean nahi adina euskara erabiltzeko aukera dute parte hartzaileek.

Egunero ia 25 kilometro oinez egiteaz gain, euskaraz trebatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte barnetegian: erakustaldiak, diaporama eta bisita gidatuak, esaterako. 300 kilometroan euskara izango da parte hartzaileen bagaje nagusia: lasterka bizkor egiteko oinak trebatu behar diren moduan, euskaraz ondo hitz egiteko, mingaina trebatu behar da.

Komunikabidea: Berria