Ana, 30 urte euskara zabaltzen

Aurtengo Euskararen Egunean AEKko ikasleok gogoratu nahi dugu data bat. Gure irakaslea, Ana, klaseak ematen hasi zen eguna, hain zuzen ere. Orain dela 30 urte hasi zen lanean AEKn.

AEKn klaseak ematerakoan, bizitza ere aldatu zitzaion. Berak esaten baitu euskarari esker mundu berri bat ezagutu zuela. Eta orain gu Anari esker mundu hori ere ezagutzen ari gara. Orain dela 30 urte, euskara bere bizimoduan erabat uztartzea erabaki zuen; euskara erabiliz maitatuz eta sustatuz. Eta gaur egun ere, horrela jarraitzen du. Badakigu bidea ez dela beti erraza izan, baina badakigu ere, berriro aukeratuko zenukeela. 30 urte herriz herri euskara irakasten, 30 urte euskara zabaltzen, 30 urte euskara maitatzen. Horregatik, gaur zure euskararekiko maitasuna azpimarratu eta txalotu nahi dugu.

Guk zurekin aditzak, ahalera, aditz trinkoak… ikasteaz gain, euskaraz bizitzea posiblea dela ikasten dugu, euskarari bere tokia eman behar diogula ikasten dugu, lagun berriak euskaraz ezagutzea betetzen duela sumatzen dugu eta asteburu bat elkarrekin pasatzea euskaraz hitz egiten, abesten eta amesten ez dela bakarrik amets bat ikusten dugu.

Oraindik, asko gelditzen zaigu ikasteko, baina aldi berean, asko gelditzen zaigu gozatzeko. Bidea hain polita denean ohartu gabe egiten baita.

Eskerrik asko zure lanagatik, zure adoreagatik, euskararekiko duzun maitasunagatik, klase bakoitzean dena jartzeagatik.

Guk euskara ikasteko eta erabiltzeko apustua egin dugu, baina Joxean Artzek esaten zuen bezala, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.

Zure lana txapela kentzeko modukoa da, baina guk txapela jarriko dizugu.

Bihotz, bihotzez, mila esker.

Deja un comentario