Itoitz eta Esa gelditzeko garaiz dela erran dute milaka lagunek

Manifestazioa egin dute Iruñean, urtegien segurtasunari buruzko kezka agerian utzi dute.

Bizirik eta garaiz. «Bizirik sentitzeko, maitatzeko, parte hartzeko, borrokatzeko. Garaiz, kontsumistak ez izateko, gizatasunik gabekoak ez izateko, inguratzen gaituen natura eta biziaren handitasuna ulertzeko gai ez diren gizakiak ez izateko». Milaka lagun atera zen karrikara Iruñean, bizirik eta garaiz daudela errateko. Itoitz husteko eta Esa ez handitzeko garaiz dela oihukatzeko. Itoitzekin Elkartasuna taldeak, Ekologistak Martxan-ek, Itoizko urtegiak mehatxu egindako herritarren batzarrak, Uraren Kultura Berria Fundazioko Nafarroako taldeak, Esa Ez-Bizia Bai herri ekimenak eta Artiedako (Aragoi, Espainia) O Salzar elkarteak antolatu zuten ekimena, eta bertze hainbat taldek eta alderdik bat egin zuten deialdiarekin.

Parte-hartzaileek 17:00etan egin zuten bat autobus geltoki zaharraren parean. Erakutsi zituzten pankartek agerian utzi zuten Itoitzen eta Esaren kontrako aldarrikapenarekin batera, herrien aldekoa izan zela nagusi ekimenean. Zangozako herritarrek, Longidagoek, Irunberrikoek eta Agoizkoek, bertzeak bertze, pankarta propioa atera zuten elkarretaratzean. Eta denek antzeko mezuarekin: urtegien segurtasun ezak eragiten duen arriskuaz mintzatu ziren paperetan. Bai eta oihuetan ere. Itoitz husteko, eta Esa ez handitzeko eskatu zuten, behin eta berriz.

Autobus geltokitik Merindadeen plazara abiatu ziren mobilizazioan parte hartu zuten herritarrak, eta, handik, Karlos III.a etorbidetik Nafarroako Gorteen karrikara. Yanguas y Mirandatik, azkenik, Sarasate pasealekuan sartu ziren. Han, berriz ere, herriak izan ziren protagonista, Artiedako, Zangozako eta Agoizko ordezkari banak irakurri baitzuten antolatzaileen manifestua, aragoieraz, gaztelaniaz eta euskaraz.

Parte-hartzaileen artean zegoen Uraren Kultura Berria Fundazioko presidente Leandro del Moral. Uraren kudeaketari buruzko jardunaldietan izan da asteon Zaragozako Unibertsitatean (Espainian), eta bidaia profitatu zuen manifestazioan parte hartzeko. Itoizko urtegiaz, «uraren kultura zaharraren eredu» dela azpimarratu zuen Del Moralek, eta urtegi hori modu «erabat arbitrarioan» egin dutela gaineratu zuen, «ingurumenaren, ekonomiaren, justiziaren ikuspuntua kontuan hartu gabe».

SEGURTASUNA KOLOKAN URTEGIETAN

Sarasate pasealekuko oholtzan txalaparta, jotak, bertsoak eta irrintziak nahastu ziren antolatzaileen hitzekin. Haien mezua argia izan zen elkarretaratzearen amaieran: «Pertsonen funtsari eraso egin diote. Esako urtegia handitzeak eta Itoizkoa betetzeak ezinegona eta segurtasun falta ekarri dituzte gure bizitzetara. 1.900 lurrikara inguruk, burrunbek, ur sartzeek, magaletako egonkortasunik ezak, eta segurtasun arazo larriek urtegi hauen jomugan jarri gaituzte», azpimarratu zuen Agoizko Lorena Beroizek.

Hauteskunde kanpaina hasi dela aipatu zuen Beroizek, eta eskaera zehatza egin zien alderdi guztietako ordezkariei: «Eman dezatela Esari eta Itoitzi buruz duten iritzia, erran diezagutela zerk justifikatzen duen gauza guztien gainetik obra hauek egitea. Eta aurrez aurre egin dezatela, debate irekian, erantzuna emateko parada emanez».

Antolatzaileek ez ezik, Itoizko urtegiaren bultzatzaileek ere hartu zuten hitza manifestazioan. Ez benetakoek, ordea. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Alvaro Mirandari eta Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioko buru Iñaki Cortesi urtegian gertatutakoari buruzko parodia egin zuten hainbat lagunek oholtza gainean. Berriki, Nagoreko kirol kaiaren aurkezpena egiteko ekitaldian, Itoizko urtegian sartuta eta blai eginda amaitu zuten Mirandak eta Cortesek, txalupan ura sartu ondoren.

Ustezko Mirandak eta Cortesek ukatu zuten Itoitz eta Esa seguruak ez direnik, eta urtegien kontra diren herritarrei sokatiran aritzeko erronka bota zieten. Halaxe amaitu zuten elkarretaratzea, sokari tira eginez. Miranda eta Cortes, milaka herritarren kontra. Herritarrek irabazi zuten.

Komunikabidea: Berria

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.