Malkoek bustita ireki dute Memoriaren Parkea

Milaka lagun bildu dira Sartagudan, frankismoak hildakoak gogoratzeko parkearen inaugurazioan.

Emozioa, tristura, alaitasuna. Zirrara. Hamaika sentimenduk egin zuten bat Sartagudan (Nafarroa), Memoriaren Parkearen inaugurazioan. Historia ofizialetik kanpo dauden horiek oroitzeko tokia da parkea. Loreak eramateko tokia. Bertan, «memoria historiko humanitarioa» aldarrikatu zuten atzo, giza eskubideetatik hasi baitzuten parkea egiteko bidea egitasmoaren elkarte antolatzaile biek 2002an: alegia, Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Elkarteak eta Alargunen Herriaren Elkarteak.

Milaka lagun hurbildu zen parkera. Ikusmin handien sortu zuena, dena den, frankismoak fusilatu eta hil zituen 3.420 lagunen izenak erakusten dituen zazpi metroko horma izan zen. Batzuek argazkiak atera zituzten senideen izenaren ondoan, besteek, loreak jarri. Denei bildu zitzaien bihotza. Joxe Ulibarrenaren (Gurutzada Santuan tiroz hildakoak) eta Nestor Basterretxearen (Fusilatzeko hilorma) eskulturak ere badaude, eta aurki Jose Ramon Andaren artelan bat paratuko dute. Gainera, Bernardo Atxagaren, Pablo Antoñanaren, Jokin Muñozen, Castillo Suarezen, Jose Maria Jimeno Jurioren eta ekimenaren antolatzaileen testuak irakur daitezke parkean.

«Ez dut hitzik adierazteko guretzat zer esanahi duen parke honek», adierazi zuen Julio Sesmak (72 urte), Sartagudako Alargunen Herriko Elkarteko ordezkariak. Haren aita, Andres, fusilatu egin zuten.

1936tik Sartaguda Alargunen Herria bezala ezagutzen bada ere, hemendik aurrera «oroimenaren hiriburu» gisa ezagutarazi nahi dute. Nafarroako herririk zapalduena izan zen Sartaguda 1936an, 84 lagun tiroz hil zituzten-eta (populazioaren % 8). «Zuribiderik gabe, euren izana ezabatu nahi izan zuten, baina gaur erakusten ari gara ez ditugula ahaztu». Hortaz, senideren bat edo lagunen bat galdu zutenek, lursailak ostu zizkietenek, irainduak izan ziren emakumeek jaso zuten omenaldia, horien senide guztiez aparte. Era berean, Sesmak esan zuen parkeak balioko duela «halako sarraskirik errepika ez dadin gazteek borrokaren bidea jarrai dezaten». Sartagudako alkate Juan Ramon Martinezek, bere aldetik, barkamena eskatu zien horman izena paratuta duten guztiei. «Barkatu hildakoei omenaldia 1936tik 72 urte igaro ostean egiteagatik».

Inaugurazioa ordu erdi berandu hasi zen (13:00ean) euritea zela-eta prestatuta zituzten bi aparkalekuak ezin izan zirelako erabili. Auto ilara luzeak sortu ziren eta 50 boluntario baino gehiago egon ziren lanean. Bi karpa handi jarri zituzten ekitaldirako.

Herritarrek eskainitako «babesa» eskertu zuen Mirentxu Agirre Nafarroako Fusilatuen Elkarteko presidenteak. Lizarrako alkate abertzale Fortunato Agirreren alaba da. Halaber, 2005etik diruz lagundu duten instituzioei «esker ona» adierazi zien Agirrek. Nafarroako Parlamentuak 250.000 euro eman ditu eta 120.000 euro, berriz, Espainiako Presidentzia Ministerioak. Guztira, parkeak 480.000 euroko aurrekontua izan du; gainerako dirua Nafarroako 85 udalek eta herritarrek eman dute.

Inaugurazioan Roldan Jimenok, Jimeno Jurioren semeak, hitz batzuk eskaini zituen eta Sartagudako joteroen ikuskizunaren ondotik, lore eskaintza egin zuten izenen hormaren parean. 2.700 lagun bildu zituen herri bazkariaren ondoren, musika saioen txanda izan zen: besteak beste, Bide Ertzean taldeak, Aurora Beltranek, Carmen Parisek, Inma Serranok, Fermin Valenciak, Ruper Ordorikak eta Jose Antonio Labordetak hartu zuten parte. Azkenik, Enrique Villareal El Drogas-ek memoria historiaren aldeko manifestua irakurri zuen.

Alderdi politikoetako, sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkari anitz bildu ziren Sartagudan. Nafarroako Gobernuko eta UPNko ordezkaririk, baina, ez zen azaldu.

Testua: Berria
Argazkiak: Idoia eta Kris

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.