Zurrakapote zaporeko festak hastear

Agoitz (Nafarroa) festa giroan barneratzeko, eguerdian txupina jaurtiko du Vitori Itxaso Paternainek, Nafarroa Baiko Berdintasunerako zinegotziak. San Migelen omenezko jaiak hasiko dituzte suziriaren doinuarekin batera gaur. Musikarekin, erraldoiekin, buruhandiekin eta, oro har, jai giroan igarotzeko bost egun izango dituzte agoiztarrek. Suziria baino ordu erdi lehenago, aurtengo jaiak iragartzeko XII. kartel lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Aurtengo irabazlea Azkoiengo (Nafarroa) Jose Angel Ligero izan da, aurkeztutako hamabost lanen artean.

Suziriarekin piztuko da festa, eta txarangek, gaitariek, erraldoiek eta buruhandiek lagunduta jarraituko du giroak Agoizko kaleetan barrena. Horrela, euren musikaz girotuko dituzte karrikak, jaiei ongietorria eginez. Arratsalde partean, haurrek kiroldegian jolasak dituzten bitartean, herritarrek prestatutako zurrakapoteak dastatzeko aukera izango da, urtero egiten den ibilaldiari jarraituz. Gauari hasiera eman baino lehen, dantzaldia izango da, Behe Nafarroa plazan, Big Cuadrilatero taldearekin, eta horien atsedenaldian zurrakapote eta pankarta hoberenarentzat sariak banatuko dituzte.

Rakel Bergara jaietako zinegotziaren esanetan, igandea izaten da agoiztarrentzat egunik bereziena: «San Migelen omenezko prozesioak oso politak izaten dira, festa guztietako serioenak, eta jendeari asko gustatzen zaizkio». Gaineratu du haurren eguna ere «dibertigarria» izaten dela; aurten, iaz egin zen moduan, «2008an jaiotako umeek Agoizko zapia jasoko dute». Horren ondoren, «San Migel elizara abiatuko dira, eta han loreak eta abestiak eskainiko dizkiote santuari», Bergararen esanetan. Egunero izango dituzte dantzaldiak, era guztietako taldeek alaiturik, eta ekitaldi anitz izango dira, guztientzat. Horietatik Bergarak bat aipatu du emozioz: «Oso polita izaten da zahar etxera joaten garenean. Eurek asko eskertzen digute bisita, eta guk euren poztasunerako gazta eta festa giroko konpainia ematen diegu, egun batez bada ere». Horrez gain, herri guztia elkartzen den herri bazkaria ere aipatu du Bergarak, «jende asko elkartzen gara urtero, eta aspaldi elkarrekin egon gabeko lagunekin egoteko aukera izaten dugu». Aurten astelehenean eginen dute herri bazkaria.

Programa ofizialaz gain, herriko Gazte Asanbladak, Angiluerreka Elkartearekin batera, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Larunbat gauean hainbat kontzertu izango dira txosnetan. Hala ere, Gazte Eguna asteartean egingo dute.

Argazkiak: Kmk eta Kris
Testua: Berria

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.